XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakurgaia.

GORDE ONDO NIRE DIRUA

Fermin zaharrari ez zioten hain erraz lapurtuko dirua.

Hura ez zen gaurko sistema berriekin fidatzen.

Kutxazainetan ibili hura? Bai zera!

Hori baino seguruago nahi zuen hark dirua.

Kezkatzen hasia zen, ordea, hura ere.

Izan ere, telebistak behin eta berriz esaten zuenez, gaizki zihoazen gauzak; ekonomia txarto zebilen, krisialdi latza omen zetorren...

Egun batean Kutxara joan zen.

- Egun on - esan zion enplegatuari, kartila luzatuz -.

Nire dirua, mesedez.

Enplegatuak kartila hartu, diru kopurua ikusi eta harrituta begiratu zion Fermini.

- Baina..., diru guztia nahi al duzu?

- Bai, bai; atera dena, mesedez.

- Diru asko da, ordea...

- Asko da bai, eta? - haserretzen hasia zen Fermin.

- Zaude, zaude pixka batean.

Oraintxe emango dizut.

Kartila hartu eta zuzendariarengana joan zen enplegatua.

Hau ere harritu egin zen Ferminek diru hura guztia atera nahi zuela entzun zuenean.

Atera zen Ferminengana eta galdera bera egin zion:

- Seguru al zaude, Fermin, diru guztia behar duzula?

- Esan dut lehenago ere. Dena nahi dut!

- Baina...

- Zer baina eta baina, gero? Ez al da, bada, nirea?

- Bai, baina hainbeste ateratzea, alegia...

- Adizu, adiskidea - benetan haserre zen Fermin -.

Aspertu naiz oraintxe.

Atera dirua eta kopla gutxi niri.

Atzean zain zegoen jendea marmarka hasi zen.

Gauzak okerrera jo baino lehen, bere bulegora pasatzeko esan zion zuzendariak Fermini, han emango ziola dirua.

Sartu ziren, bada, eta berehala egin zituzten hango kontuak.

Aulki batean eserarazi zuen Fermin eta diruaren bila joan zen zuzendaria.

Berehalaxe zen bueltan.

Mahai gainean utzi zuen dirua.

Zortzi bat miloi pezeta ziren berrehun milako paketetxotan.

Ferminek betaurrekoak jantzi zituen eta pakete guztiak banan-banan kontaken hasi zen.

Amaitu zuenean, irribarre egin zuen lasai; ondo zegoen dena, ez zen ezer falta...

- Ederki - esan zion pozik zuzendariari -, ikusten dut hemen daukazuela nire diru guztia.

Sartu berriz barrura eta segi aurrerantzean ere horrela gordetzen.